IK4 Research Alliance. Bikaintasun Zientifiko-Teknologikorako Aliantza  Teknikari bat laborategiko probak egiten ari dela erakusten digun konposizioa.

6 gune teknologiko,
Europako erreferentzia 1
enpresetarako teknologia-garapenean

IK4k BIEMHn aurkeztuko du makina-erremintarako eta Industria 4.0rako eskaintza teknologikoa

2018/05/24 |<img src=' http://www.ik4.es/upload/noticias/img/gral-planta2-b-opt.jpg' data-link=""' /> Aliantza Teknologikoa osatzen duten zazpi zentroek parte-hartze nabarmena izango dute Makina Erremintaren Bienalean, zeina maiatzaren 28tik ekainaren 1era egingo baita Bilbao Exhibition Centren. Ikerketan aritzen diren erakundeek erakusketarako guneak izango dituzte azokan, industriaren lehiakortasuna bultzatzeko balio-proposamenak erakusteko.

Eibar, 2018ko maiatzaren 24(a).- IK4 Aliantza Teknologikoa osatzen duten zazpi zentroek industria-digitalizazioaren, makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuko prozesuen inguruan egin dituzten azken irtenbide eta garapenak aurkeztuko dituzte Makina Erremintaren Bienalean (BIEMH), zeina maiatzaren 28tik ekainaren 1era egingo baita Bilbao Exhibiton Centren.

IK4 zentroek teknologiak merkatura transferitzeko egiten dute lan, eta industriaren erronkei erantzuteko eta haren lehiakortasunari laguntzeko dituzten irtenbide berriak erakutsiko dituzte Bienalean eta Addit3D foroan –fabrikazio aditiboaren azoka, zeina makina-erremintaren bienalarekin batera egiten baita–.

Askotariko eskaintza teknologikoa erakutsiko dute erakundeek, fabrikazio aurreratura bideratua; izan ere, jarduera-eremu hori estrategikoa da euskal industriarentzat, eta pisu handia du teknologia aurreratueneko eta berrikuntza-maila handieneko herrialdeetan.

AZTERLAN zentro teknologikoak metalaren eta mekanikaren industriarako 4.0 irtenbideak aurkeztuko ditu bienalean. Metalurgia-ikerketako zentro hori Basque Industry 4.0 standean izango da beste erakunde batzuekin batera, eta SENTINEL plataforma eramango du, transformazio metalurgikoko prozesuetarako adimen prediktiboko sistema bat.

IK4-AZTERLANeko Adimen Artifizialeko eta Irtenbide Teknologiko Aurreratuetako taldeak garatu du SENTINEL, eta gai da galdaketako edozein osagairen transformazioan eragina duten parametroen (600 baino gehiago) aldagai anitzeko azterketa bat sortzeko.

Bestalde, CEITek eskaintza teknologiko integratu bat eramango du BIEMHra, zeinak osagaiak automatikoki aztertzeko gai den aldagai anitzeko onlineko kalitate-kontroleko sistema bat eta papergintzaren sektoreko piezen higadura neurtu eta kudeatzeko kontrol-sistema bat baititu.

Gainera, fabrikazio aditiboaren, errealitate areagotuaren eta errealitate birtualaren inguruan dituen gaitasunak erakutsiko ditu. Errealitate birtualari dagokionez, CEITek SIMFAL proiektuko erakuslea aurkeztuko du: fabrikazio-inguruneak modu dinamikoan eta azkar aldatzeko aukera ematen du, eta, horri esker, industriako denborak laburtu eta ekoizpenari malgutasuna emateko prozesuak optimiza daitezke.

IDEKOk digitalizazio industrialaren arloan egin duen lana aurkeztuko du bienalean, eta, halaber, balio erantsi handiko gainazalak testurizatzeko teknologien inguruan dituen azken berritasunak ekarriko ditu.

Egoitza Elgoibarren duen erakunde horrek prozesu automatizatuen doitasuna areagotzen duen kamera anitzeko ikusmen-sistema berri bat ere eramango du, eta, halaber, galdaketaren industriarako moldeak sortzeko Industria 4.0n oinarritzen den teknologia bat. Gainera, adimen lehiakorreko INNGUMA tresna ere erakutsiko du.

IKERLANek IKERLAN KONNEKT aurkeztuko du, industria-enpresen produktu eta zerbitzuak digitalizatzeko irtenbideen familia.

Egoitza Arrasaten duen erakundeak erreferentzia diren Euskal Herriko enpresetan (besteak beste, Fagor Arrasate, Orona eta Ikusi) inplementatu diren adibideak baliatuko ditu bere 4.0 balio-proposamena aurkezteko. Izan ere, digitalizazio-proiektu integralak garatzeko behar diren jakintzak biltzen ditu balio-proposamen horrek, eta, horren bidez, industria-irtenbideen punta-puntan kokatzen da funtsezko teknologietan, hala nola sentsorizazioa, konektagarritasuna, IoT, Cloud computing, BigData eta Data analytics.

TEKNIKERek makina-erremintako fabrikazio aurreratuaren inguruko produktu berriak erakutsiko ditu azokan, eta bereziki nabarmenduko du Laser for Manufacturing Lab ekimena.

Irtenbide orokor hori laser bidezko teknologietan eta haien aplikazioetan oinarritzen da, eta fabrikazio aurreratuko prozesu guztietan erabil daiteke; irtenbide osoak ematen ditu, erakundeak alor horretan duen jakintza espezializatu eta osoaren erakusgarri.

Addit3 foroa, fabrikazio aditiboaren eta 3D inprimatzearen azoka profesionala, BIEMHren barruti berean egingo da; GAIKER zentro teknologikoak aditibazioan, plastikoetan eta konpositeetan duen eskaintza aurkeztuko du foro horretan.

Material funtzional eta konposite berriak garatzeko, material polimeriko tradizionalak 3D inprimatzera moldatzeko eta fabrikazio aditiboa produktu eta prozesuen garapenean moldaketako eta konformazioko beste teknologia batzuekin konbinatzeko lan-ildo nagusien berri emango du erakundeak.

Azkenik, LORTEKek (GAIKERekin partekatuko du erakusketako espazioa) teknika aurreratu bidezko —adibidez, Selective Laser Melting (SLM), material-jalkitzea (LMD) eta WAAM (Wire Arc Additive Manufacturing)— metalen fabrikazio aditiboaren inguruan dituen gaitasunak aurkeztuko ditu.
NDT ikuskatze-sistema ez-suntsitzailean, monitorizazioan eta prozesu-kontrolean dituen espezializazioak ere erakutsiko ditu erakundeak.

IK4

IK4 aliantza teknologikoak Euskal Herriko zazpi zentro teknologiko biltzen ditu (AZTERLAN, CEIT, GAIKER, IDEKO, IKERLAN, LORTEK eta TEKNIKER), eta bere helburua da jakintza zientifiko-teknologikoa sortzea eta enpresetara transferitzea, haien lehiakortasuna hobetzeko eta berrikuntzako erreferentziazko eragile gisa posizionatzen laguntzeko.

  • AZTERLAN
  • CEIT
  • Ideko
  • Ikerlan
  • Lortek
  • Tekniker

© 2019 - IK4 Research Alliance | Polígono Azitain , 3K 2ºG - 20600 EIBAR (Gipuzkoa). Spain. | Tel: +34 943 820350 | Lege informazioa