2009/11/16 |Massachusettseko Teknologia Institutu (MIT) ospetsuarekin lankidetzan jardungo du proiektuak definitzen eta garatzen. IKERLAN-IK4k indartu egin du masako pertsonalizazioari lotutako proiektuak bultzatzeko apustua, bere ustez, kontzeptu hori joera nagusietakoa delako mende honetako enpresaren arloan. Arrazoi hori dela eta, Massachusettseko Teknologia Institutu (MIT) ospetsuarekin lankidetzan jardungo du proiektuak definitzen eta ondoren garatzen.
MITeko Smart Customization Groupeko hainbat ordezkarik IKERLAN-IK4ko instalazioak bisitatu zituzten, eta bilera bat egin zuten euskal zentro teknologikoko ikerlariekin. Bilera horretan, enpresaren munduan masako pertsonalizazioak duen presentzia eta garatzeko aukerak aztertu zituzten. Bi zentroak bat etorri ziren esaterakoan kontzeptu hori funtsezko elementua dela krisi garaian enpresen lehiakortasunerako, krisiak ez baititu negozioak egiteko aukerak deuseztatu.
Kontzeptuaren sortzaileak diren Kotlerren eta Pineren arabera, masako pertsonalizazioa kostu txikiarekin kalitate handiko produktuak eta zerbitzuak lortzea da, bezero bakoitzari eskatutako kantitateak modu pertsonalizatuan ekoitziz. Produkzio tradizionalarekin aurkezten duen abantaila nagusia da enpresak bezero bakoitzaren behar zehatzei erantzun diezaiekeela, baina kantitate handiko produkzioaren pareko prezioekin, kalitatea eta entrega epea mantenduz.
Sistema horren adibide praktiko bat, Dell Computersek erabilitako metodoan aurki daiteke. Bezeroa Internet bidez konektatzen da, eta erosi nahi duen ordenagailuaren konfigurazioa definitzen du; eskaera denbora errealean egin dezake, fabrikara zuzenean eskatuz. Gure industri ingurunean garatu den beste adibide bat Zubiolan ezarritakoa da; bertan, ebaketako erremintak eskatzeko konfigurazioa egin eta tresnak eska daitezke, aeronautikaren sektorerako.
Masako pertsonalizazioa prozesu etengabea da: dena ez dago erabakita, enpresa bakoitzak bere behar zehatzetara egokitu behar du pertsonalizazioa, kontuan hartuta, gainera, behar horiek aldatu egin daitezkeela. IKERLAN-IK4k etengabeko berrikuntzaren bidez egiten du lan masako pertsonalizazioaren kontzeptuan, eremu horretan erreferentziakoak diren hainbat erakunderekin lankidetzan arituz, Europako REMPLANET proiektuan parte hartuz eta, batez ere, enpresarekin lankidetza estuan jardunez.
Argazkian: Ezkerretik eskuinera, Javier Mendigutxia, IKERLAN-IK4ko zuzendaria; Joseph Pine, MITekoa eta masako pertsonalizazioaren kontzeptuaren sortzaileetakoa, eta Juan Carlos Beitialarrangoitia, IKERLAN-IK4ko Diseinu eta Produkzio Prozesuen Unitateko zuzendaria.
© 2013 - IK4 Research Alliance | Polígono Azitain , 3K 2ºG - 20600 EIBAR (Gipuzkoa). Spain. | Tel: +34 943 820350 Fax: +34 943 202757 | info@ik4.es